XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

CADIZKO KONSTITUZIOA EUSKARAZ 1820 / Donostia, 1987-1V-24

Duela hilabete Hondarribiko Kaputxinoetatik Aita Zubeldiak telefonoz deitu ninduen, ahal nuenean hara joan nendin Biblioteka atontzean aurkitu zuen eskuizkribu bat ikus nezan: 1820. urtean euskarara itzulitako Konstituzioa.

Gerorako utzi gabe, ordu berean joan nintzen eta txukun koadernaturik gordetzen zen liburuxka eskuratu zidan.

Ez zuen itzultzailearen izenik, apez-bikario gipuzkoar baten sigla soilak baizik.

Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekarako fotokopiatzen uztea eskatu nion eta hala bete ahal izan dut.

Euskaldunon foruak gogoan harturik inoiz madarikatu dugun Cádizko Konstituzioa, lehen erregeren pertsonarekin zegoen konpromisoa korteen esku uzten zuena, garai beretik ikusia ez dirudi hemen ere gehiengoarentzat hain txarra zenik.

Aintzinako errejimenaren legedia zaharkituegia bai zegoen orduko Europaren mailetara hurbiltzeko, Euskal Herritik begiratuta ere.

1808an Korteetarako deiak hasi zirenetik Euskal Herriko semeak presente daude Konstituzio berrigintzarako.

Hiru talde politikok osatuz lejislatzaile egingo zuten diputatu ordezkariena: liberalak, aldakuntzen aldeko eta Frantziako iraultza begionez ikusten zutenen taldea; zerbitzaileak, aldakuntzen kontrako konserbadoreena; eta, amerikanoak, kolonien ordezkari.

Hiru taldeetan zeuden Euskal Herriko semeak.

Ramón Solísek bere ikerketan ere nabarmen azaltzen digu (1) . 99. orrialdean zehazki baina liburu guzian zehar agertzen zaizkigu euskaldun deiturak.

Gauzonerako beranduegi aritu ziren, eta gainera Estaduaren parterik gehiena frantsesen menpean zegoen garaian, ezinbestean, eta ondorioak laster ikusiko ziren aski abandonaturik aurkitzen zen Amerikak independentziaren alderako jarrera hartuz eta Penintsulan bertan gerra zibilak pizteaz.